Ezaugarriak

Ezaugarriak

Lehenik esan behar dugu azaltzen diren ezaugarriak ez direla  guztiak, beti eta era berean adierazten. Izan ere, AGHkoak oso desberdinak izaten dira euren artean.


Jakin-min handia dute txiki txikitatik: gauzak behatu, arakatu, entzun, aztertu eta ikertzen dituzte.

Ikasteko ahalmen eta abiadura handia. Ez dute errepikapenik behar izaten.

Oroimen ona. Informazioa bereganatu eta prozesatzeko ahalmen bikaina. Testuinguru desberdinetatik eskuraturiko informazioa erabiltzen dute.

Umore-sen fin eta landua. Egoera desberdinen alde jostakorra bilatzen dute. Alaitasuna, barre egitea eta jolasa maite dute.

Arazoak bilatu eta konpontzeko joera. Hauen aurrean erantzun eta konponbide anitzak ematen dituzte.

Eginkizunak bikain egiteko joera. Lorpenak hobetu nahi dituzte.

Justizia-sen handia txikitatik. Alde etikoaz arduratzen dira.

-Sentiberatasun handia.Emozio sakonak. Erantzun emozional intentsoak (trinkoak). Besteen egoeraz eta ongizateaz asko arduratzen dira eta beren burua asko kuestionatu dezakete.

Abstrakziorako gaitasuna. Ikurrak manipulatzeko gaitasuna eta prozedura mentalak arin automatizatzen dituzte.

Norbere iritzi eta pentsaerari eusten diote. Argudioak dituzte euren iritziak besteen aurrean defendatzeko.

Hizkuntz zuzena, aberatsa eta zehatza. Hitz berrien esanahiaz interesa izan eta galdetzen dute.

Zentzumenen garapen handia. Zentzumenez bidez asko goza dezakete baina baita sufritu ere (usainak, zaratak, soinuak, zaporeak, ukituak …).

Irudimena, fantasia eta sormena eguneroko jardueretan. Ez dago produkzio artistikorik halabeharrez. Bide berriak, desberdinak bilatzen dituzte. Errutina errefusatzen dute.

Energia maila handia bai fisikoa eta baita mentala ere.

Desberdin izatearen kontzientzia oso gazte direlarik izaten dute baina ez dakite ondo desberdintasun hori zertan datzan.

Barne motibazio handia. Lortu nahi dituzten helburuak burutzeko gogor ekiten diote lanari. Intereseko ekintzetan kontzentrazio maila izugarria erakuts dezakete.

Lehia eta erronkak gustatzen zaizkie.

Interes ugariak, sakonak. Euren intereseko gaiak ez dira beti bat etortzen eskoletan lantzen diren gaiekin.

-Haien gaitasunak eta gustuko interesak tartekatu eta garatzeko, sarri, eurak baino nagusiagoak direnak bilatzen dituzte.

Ahoz, keinuz, zenbaki zein ikur bidez komunikatzeko trebeziak.

-Indarrean dauden arau eta ohiturak zalantzan jartzen dituzte. Hauek onartzeko azalpena eskatzen dute.

Hitza eman eta ez betetzea nekez onartzen dute.

Lagunak izatea maite dute eta adiskidetasun sakonaren  beharra dute.

-Inoiz, duten gaitasuna ezkuta dezakete, nesken kasuan maiztasun handiz.

-Duten gaitasuna eta erakusten duten errendimendua ez dira beti bat etortzen. Eskola-arlo desberdinetan emaitza anitzak dituzte eta ez dira beti onak izaten.

 

Goiztiarrak izan daitezke eta, hainbat alorretan, adinari dagokiona baino lehenago heldutasuna izaten dute.

Bere garapena disinkronikoa da, ez da bateratua alegia. Adin desberdinak dituztela esan daiteke (mentala, fisikoa, emozionala…).