Eskola urteak malgutzea, flexibilizatzea
Eskolako orduen malgutze mota asko badirela jakinda ere. Artikulu honetan ikasmailaz igotzeaz arituko gara, alegia, ikaslea, bere adina kontuan hartuta goragoko beste ikasmaila batera igarotzea.
Adimen gaitasun handiko ikasleekin hartu daitezkeen neurrietako bat dugu flexibilizazioa. Gure inguruan, ez da oso ohikoa, bai ordea beste batzuetan, hala ere, neurri hau zenbaitetan hartzen da. Neurri hori hartzeko orduan aukera desberdinak daude: denbora baino lehen eskolara sartzea, hau da, lehen hezkuntzara urte bete lehenago sartzea; mailaz igotzea, esate baterako, LHko 1. mailatik LH3. mailara igarotzea, LHko 2. mailan egon gabe edo hiru ikasmailari (eman dezagun, DBH1, DBH2 eta DBH3) dagokion programa bi urtetan egitea. Beraz, aukera desberdinak daude eta neurria garai diferentetan hartu daiteke: Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan,
Bestalde, ikasleari eskolan behar duen arreta eskaintzeko neurri hori hartzea nahikoa dela ulertzen da sarritan, hau da, ikasleak ez duela beste inolako egokitzapenik behar izanen. Beste zenbaitetan, aldiz, neurri honekin batera beste mota bateko esku-hartzeak ere hartzen dira, esate baterako, ikasle horri flexibilizazioaz gain egokitzapen curricularrak egitea.
Ikusten denez, neurri bera izanik praktikan modu ezberdinetara gauzatu daiteke eta hori da artikulu honetan nabarmendu nahi duguna. Gure ustez, ikaslea mailaz igotzen baldin bada, beharrezkoa da ikaslearen jarraipen zehatza egitea: besteak beste, ikaste-prozesuarena, ikaslearen motibazioarena, ikaslea inguru hurbilera nola egokitzen den ikustea beti ere ikasleak landu ez dituen gaitasun eta ezagutzak jorratuz.
Lehenik, flexibilizazioa ongi prestatu eta bideratu behar da arrakasta izan dezan. Batetik, neurria hartu baino lehen ikaslea prestatu behar da, baina beste alde batetik, hartu ondoren jarraipena egin beharko zaio eta ikaslearen beharrak betetzen jarraitu. Horrek esan nahi du behar diren ñabardurak kontuan hartzea eta egokitzapenak burutzea.
Bigarrenik, esan dugun bezala gure inguruan ez da ohiko neurria, hala ere, gero eta adibide gehiago ditugu, adibide horietako batzuk aztertuta esan daiteke neurriaren arrakasta bermatu daitekeela hala frogatzen du nazioartean buruturiko Tempelton Txostenak.
Hirugarrenik, flexibilizazioan parte hartu behar duten eragileen artean zalantza ugari sortzen dira, normala da, bestalde. Esate baterako, porroterako beldurra (hau da, zer gertatzen da gauzak ez badira uste bezala suertatzen), arriskua hartzeko beldurra, erabakia hartzeko beldurra edota zenbaitetan ikaslea nabarmentzeko beldurra. Nazioarte mailan burututako ikerketek adierazten dute neurri egokia dela, merkea dela eta arrakasta duela. Baina arestian aipatu den bezala, neurria ongi prestatzea beharrezkoa da.
Laugarrena, gure inguruan gutxi gorabehera honako baldintzak betetzea eskatzen da malgutzea bideratzeko: txosten psikopedagogikoa, familia ados egotea, ikaslea ados egotea (adinaren arabera, ikasleari modu ulergarrian adieraztea), Hezkuntza Saileko ikuskaritza ados egotea, ikastetxea –zuzendaritza taldea– ados egotea. Hortaz, ikaslearen heziketarekin zerikusia duten eragileen adostasuna eta babesa, esan genezake.
Bosgarrena, ingurua prestatzea, eskola-komunitatea. Ikaskideei modu erraz eta ulergarrian azaltzea datorren ikasturtean ikaslea ez dela beraiekin egonen gelan, ikasmailari dagozkion eduki eta gaitasun gehienak jada badakizkielako, hala ere, ikastetxe berean daudenez, elkarren lagun izaten jarraitzeko aukera dutela. Gauza bera ikaslea hartuko duen ikastaldeari begira.
Eskola komunitateko beste kideei, esate baterako, irakasleei erabakia zeren arabera hartu den adieraztea, txostenetan oinarrituta eta erabaki adostua izan dela eragile desberdinen artean. Adibidez, ikaskideen gurasoen artean galderak edo zalantzak baleude, argi adieraztea ikastetxeko Zuzendaritza taldetik legeak babestutako neurri bat dela eta profesionalek hala erabakita hartutako neurria dela.
Seigarrena, maila akademikoan ikaslea prestatu beharko litzateke edukiren bat ikusi ez badin badu hori irakasteko. Dena dela, neurriak maila akademikoan arrakasta izan duela esanen dugu baldin eta ikaslea gela berriko bataz bestekoaren inguruan baldin badago, ez duela zertan nota bikainak atera behar. Hori bai ikaslearen jarraipena egin beharko da, jakin-mina duen bermatzeko, eskolan gustura ari dela ikusteko, ikaslearen motibazioa eta erronka maila bermatzeko.
Zazpigarrena, Estatu Espainiarrean legearen arabera, hortaz, EAEn eta Nafarroan 3 maila igo daitezke derrigorrezko hezkuntzan. Ez dirudi oso ohikoa denik, baina legez baimenduta dago.
Estatu Frantziarrean, bestalde, irakurri dugunaren arabera ez dago garbi zenbat maila igo daitezkeen edo ez da legez, bederen, zehazten. Hona hemen azken boladan eman dituzten orientabideak