Perfekzionismoa: gauzak bikain egiteko joera

By | 2020-06-09

Autore ugarik aztertu dute perfekzionismoaren gaia adimen gaitasun handikoengan. Etxebarriak (2018, 145. or.): “Perfekzionismoa norberari edo besteei, eginkizun desberdinetan, bizitzaren esparru anitzetan, ez guztietan, goi mailako kalitatea eskatzean datza: gauzak bikain egin, hobetu, norberari gehiago eskatu, xumea dena konplexu bihurtu.”
Perfekzionismo mota desberdinak daudela esaten dute, osasuntsua izan daitekeen batetik hasita balizko ez osasuntsu bateraino. Perfekzionismoa, berez, gauza ona dela esanen genuke baina batzuetan ondorio kaltegarriak ere izan ditzake.
Psikologia eremuan, urtetan zehar, ezaugarri ezkor gisa aztertu izan da perfekzionismoa baina adimen gaitasun handiengan berezko ezaugarria dela esan daiteke. Freeman-ek (2008) kirolariek izaten duten hobetzeko sen edo grina dela dio.
Sastrek (2012) perfekzionismoaren nolakotasunak gaitasun handien garapenean zein besteekiko harremanean eragina izanen duela dio. Perfekzionismoak funtzionatzeko patroi kognitibo gisa eszelentziara bideratua egon daiteke zein beste ondorio ez hain positiboetara, alegia, gauzak gerorako uztera, errendimendu baxua, indezisioa edota pentsamendu zurruna izatera.

Adierazleak: zertan antzeman daiteke

Etxebarriak perfekzionismoa zertan eta nola antzeman jakiteko adierazle erabilgarriak aipatzen ditu:

  • Gauzen edo gertakizunen arrazoiak edo zergatiak ezagutzearen beharra agertzen dutenean
  • Hitzez hitzeko ulermena edo literalitatea: zehatz-mehatz edo hitzez-hitz esanikoa ulertu eta agindurikoa betetzen dutenean.
  • Kritikoak eta zorrotzak euren buruarekin eta besteekin izaten direnean.
  • Ordenaren premia agertzen dutenean. Euren pentsamenduan edo antolakuntzan ordenaren irizpide propio batzuen arabera funtzionatzen dutenean.
  • Dagoen egoerarekin eta lorturiko emaitzekin konformatzen ez direnean
  • Bere buruaz zein besteei buruz goi-mailako espektatibak dituztenean
  • Eginkizunak ondo egitearen beharra azaltzen dutenean
  • Porrotaren aurrean beldurra erakutsi edo sentitzen dutenean. Txarto edo erdipurdika egin aurretik egiteari uko egiten diotenean.
Perfekzionismoa, txikitan eta gaztetan, eskola eremuko eginkizunetan nabaritzen da gehienbat, etxeko lanak ondo egiteko joeran edo eskatzen zaiena baino gehiago ahalegintzean alegia. Eskolaz kanpoko jardueretan, musikan, kiroletan eta haien zaletasunetan ere oso indar garrantzitsua da. Lagunartean jolasek dituzte, arauak errespetatzen ahalegintzen dira eta hauek zuzen bete nahi izan dituzte beti. Familian naturaltasunez, betidanik, ikusten dute umeen perfekzionismoa. (Etxebarria, 2018, 153 or.)

Irakasleendako: perfekzionismoa modu egokian bideratzeko aholkuak eta proposamenak

Silvermanek (2008) aipatzen du garrantzitsua dela ikasleek haien neurriko erronkak izatea eskolan. AGH ikasleendako ez da ona eskolan emaitza onak lortzea ahaleginik egin gabe, azken finean horrek ez die mesede egiten erronkei eta zailtasunei aurre egiteko prestatutak egon daitezen. Bestalde, eskola errazegia baldin bada eta eskolak ez badie erronka eskaintzen, eurek aurkituko dituzte euren buruarendako erronkak eta horrek neurri batean perfekzionismoa elikatuko du. 

Etxebarriak (2018) irakasleendako Shuler-ek (2002) eskainitako proposamenak jasotzen ditu:

  • baikorki hartu
  • prozesua baloratu
  • sormena eta ametsak erabili
  • ikas estrategiak irakatsi
  • kalifikazioei garrantzia kendu
  • umore ona erabili
  • ikaslearen alde sendoak baloratu

Adelsonek (2007) gelan perfekzionismo osasuntsua sustatzeko proposamen interesgarria egiten du eta 5 perfekzionista mota biltzen ditu, bakoitza bere ezaugarriekin eta zer komeni den gelan egitea.

Adimen gaitasun handiko pertsona batendako (norberarendako) aholkuak

Silvermanek (2008) aholku hauek ematen ditu:

  • Perfekzionismoaren ezaugarria estimatu
  • Akatsak ikasteko esperientzia gisa hartu
  • Zeure lehentasunak ezarri, zuretako garrantzitsuak diren jardueretan, eta ez egiten duzun guztian
  • Proiektuekin hasi prokrastinatu ordez
  • Goi mailako estandarrak zeure buruarendako mantendu, baina ez itxaron gauza bera besteengandik
  • Ahalegintzen jarraitu, nahiz eta hasieran arrakastarik ez izan
  • Akatsak egiteagatik zeure burua ez zigortu
  • Zeure idealei eutsi eta horiek lortzeko dituzun gaitasunei. Animatu haurrak euren ametsak jarrai ditzaten
  • Perfekzionismoak aspektu positiboak eta negatiboak dituela kontuan hartu
  • Perfekzionismoak  zati mingarri bat ere baduela onartu

Emakumeendako aholkuak

Emakumeen kasuan Luz Perezek (2012) Sindrome de la abeja reina aipatzen du eta eskola ingururako gomendio batzuk ematen ditu:

  • Arrisku intelektuala duten jardueretan neska-mutilak maila berean parte har dezaten sustatu (lehiaketak, lan-taldeen gidaritza) 
  • Emakumeen eskakizun maila goian mantendu (baina, kontuz perfekzionismoarekin)
  • Bere independentzia eta lidergoa sustatu
  • Matematika eta Zientziekiko gustuak eta sentimenduak positiboki mantendu

Silvermanek (2008), bestalde, emakumeendako laguntza taldeak proposatzen ditu, besteak beste honakoak lantzeko:

  • Interes eta nahi desberdinekin aritzeko
  • Gizonezkoen lanbideak analizatzeko
  • ”Ni”aren indarra mantendu gure nahiak familiak edo lagunek zentsuratzen badituzte ere
  • Dependentzia eta konformidadearen kontra borrokatu, emakume izaera galdu gabe
  • Norbere buruarengan segurtasuna hartzeko teknikak ikasi
Erreferentziak:
Adelson, Jill. (2007). A “Perfect” Case Study: Perfectionism in Academically Talented Fourth Graders. Gifted Child Today. 30. doi: 10.4219/gct-2007-490.
Daniels, S. & Michael M. Piechowski, M. (Ed.) (2008). Living with intensity. Scottsdale, AZ: GPP
Etxebarria Aizpuru, I. (2018). Izena duena, da. Adimen gaitasun handikoak. Utriusque Vasconiae. Donostia. (133-170 orrialdeak).
Freeman, J. (2006a). The Emotional Development of Gifted and Talented Children. Gifted and Talented International, 21 (2), 20-26.
Perez Sanchez, Luz (2002). El Síndrome de la “abeja reina”. Actas del seminario: situación actual de la mujer superdotada en la sociedad. (217-233). Consejería de Educación. Comunidad de Madrid.
Sastre-Riba S. (2012) Alta capacidad intelectual: perfeccionismo y regulación metacognitiva. Rev Neurol 2012;54 (Supl. 1):S21-S29 doi: 10.33588/rn.54S01.2012011
Schuler, P. A. (2002). Perfectionism in gifted children and adolescents. In M. Neihart, S. Reis, N. Robinson & S. Moon (ed). The social and emotional development of gifted children: What we konow? (71-79 or). Texas: Prufock Press, Inc.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *