Kitzikakortasun emozionala: zer den jakin eta zer egin horren aurrean.

By | 2019-12-16

Adimen gaitasun handiko pertsonen ezaugarrietako batzuk kitzikakortasunak dira: intelektuala, irudimenekoa, psikomotorea, zentzumenetakoa eta emozionala, alegia. Sarrera honetan, kitzikakortasun emozionala ulertzeko eta zer den jakiteko orientabideak eman nahi ditugu. Bi testu hartuko ditugu kontuan horretarako. Bata, Izaskun Etxebarriak idatzitako liburua “Izena duena, da. Adimen gaitasun handikoak” eta, bestea, Susan Daniels eta Michael Piechowskik editore gisa argitaratutako “Living with intensity” luburua.

Etxebarriak kitzikakortasun emozionalaren zenbait ezaugarri eta adierazle jasotzen ditu aipatutako liburuan, alegia, pertsona hauen kitzikakortasun emozionala nola islatzen den adierazteko. Etxebarriak honela dio (2018, 141. or.) “Besteen sentimenduak, egoera animikoa eta sufrimendua antzematen dute eta arazoen gaineko kezka eta munduko gatazkekiko ardura sakona etengabea izaten da. Ardura hauekin batera besteei laguntzeko nahia edo/ eta konponbideak eskaintzea ohikoa da.”

Adierazleak

Etxebarriak (2018, 141-142 or.) pertsona hauengan zein adierazle ikus ditzakegun aipatzen ditu:

  • Oroimen afektiboa erakusten dute: maitasunez edo minberaturik eta hunkiturik, aspaldi-aspaldiko gertakizun bat xehetasunez eta present balego bezala gogoratu eta sentitzea.
  • Sentimendu sakonak era sakon eta gogorrean sentiturikoa adierazten dutenean: negar sakonaren bidez, guztiz atsekabetuta, izerdiz, lotsagorrituz, poz ikaragarria eta hau guztia denbora luzez.
  • Dabrowskik ere (1972) kitzikagarritasun emozionalaren adierazleen garrantzia azpimarratzen du: besteekiko ardura sakona, beren buruari kritika zorrotza egitea eta erantzukizun handia izatea.
  • Beldurra, kezkak, antsietatea sentitzen dituzte eta errudun senti daitezke.
  • Gorputzaren bidez ere agertzen dira, esate baterako, buruko eta sabeleko mina, alergiak, tic-ak, lotsagorritu.
  • Barne bizitza aberatsa eta zehaztasunez betea.
  • Besteen egoera animikoa somatu.
  • Enpatia: besteen sentimendu, arazo eta beharren gaineko kontzientzia dutenean. Haien egoera ulertu eta beren tokian jartzen direnean eta erantzuten dutenean.
  • Harreman sakonak izateko premia: lagun-minak bilatzea; hartueman estuak, intimitatea nahi izatea.
  • Onarpenaren bila egotea: harremanetan eta eginkizunetan.
  • Besteengandik desberdin sentitzea: lagunen portaerak ulertzen ez dituztenean eta norekin identifikatu ez dakitenean.
  • Munduko arazoen gaineko ardura eta kezka izatea: gerren ardura, gosea pasatzen dutenen egoera konpontzeko gogoa, kutsadurari aurre egitea.

Bestalde, ezaugarri horiek egoki kudeatzeko eta pertsona hauendako esku-hartze egokiak egiteko Daniels & Piechowski-k (2008, 54-55. or.) pertsona hauek dituzten beharrak asetzeko eta pertsona hauei laguntzeko aholku egokienak aipatzen dituzte. Hona ekarri ditugu aholku horiek erabilgarriak izan daitezkeelako bai guraso bai irakasleendako.

Kitzikakortasun emozionala duten haurrei ondoko esaldiak entzutea mesede egiten die:

  • Sentikorra zara besteekiko sentimenduei buruz.
  • Asko kezkatzen zara eta sentimendu sakonak dituzu.
  • Oso zintzoa zara arduratzen zaren horien inguruan (pertsona edo gauza).
  • Oso kontzientea zara poztasuna, frustrazioa, tristura, maitasuna, haserrea eta munduko sentimendu guztiei buruz (mundu osoko sentimenduei buruz).

Kitzikakortasun emozionala modulatzeko Estrategiak ere aipatzen dituzte:

  • Sentimenduak zein euren intentsitatea onartu eta ez gutxietsi.
  • Irakatsi umeari bere sentimenduak eta emozioak beste batzuekin partekatzen era positiboan eta produktiboan: berbalizazioaren bidez, mugimenduaren bidez, artearen bidez, musikaren bidez, idaztearen bidez.
  • Beste batzuen sentimenduekin errespetuz jokatzen irakatsi, zenbaitetan sentimendurik ez dutela ematen badu ere.
  • Sentimenduen hiztegia garatu sentimenduei buruzko hitzen hurrenkera. Esate baterako, zenbat modu daude gaizki sentimendua adierazteko (gogaitua, minduta, suminduta, frustratua, asaldatuta, amorratuta, nire onetik aterata, ezinegona, deseroso, aspertua, kezkatua, triste…). Zenbat modutara deskriba dezakegu alai egotea (kontentu, pozik, zorioneko, pozez zoratzen, baikor…).
  • Entzun eta erantzuteko estrategiak ikasi. Arreta handia entzun eta erantzutearen garrantziaren adierazlea da.
  • Irakatsi haurrei esperientzia fisiko eta emozionalei aurreratzen eta horretarako erantzunak eta estrategiak praktikatu.
  • Irakatsi, modelatu eta partekatu erlaxazio teknikak, besteak beste, arnasketa sakona, luzaketak eta bi minutu lasai (denbora pertsonalerako denbora edo bakarraldia).
  • Egunerokoa erabili sentimenduak adierazteko.
  • ”Tenperatura hartu” eredua erabili . “Nola sentitzen naiz oraintxe? Zein da nire tenperatura emozionala? Bero sentitzen naiz? Hotz? Zer esan nahi du horrek? Zer esan nahi didate nire sentimenduek?
  • Enpatia eta kezka sozialerako aukera esanguratsuak eskaintzen dituzten jarduerak bilatu eta aukeratu. Boluntarioa izan maskoten aterpetxeetan, komunitatearen zerbitzuko proiektu batean parte hartu edo konpromiso humanitarioa eskatzen duten jarduerak aurkitu, benetako zaintzari espresio aktiboa emateko.

Bibliografia:

Daniels, S. & Michael M. Piechowski, M. (Ed.) (2008). Living with intensity. Scottsdale, AZ: GPP

Etxebarria Aizpuru, I. (2018). Izena duena, da. Adimen gaitasun handikoak. Utriusque Vasconiae: Donostia.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *