Adimen gaitasun handikoen guraso eta irakasleendako aholkuak
Ondoren proposatzen diren aholkuak adimen gaitasun handiak dituzten ikasleen hezkuntzarako baliagarriak dira eta neurri handi edo txikiagoan ikasle guztientzat ere bai.
Haurra dela gogoan izan eta den bezala, beldurrik izan gabe, onartu.
Adimen gaitasun handiak izateak ez du esan nahi dena dakienik eta arlo guztietan bikaina denik. Haur hauek izaten duten disinkronia edo arlo desberdinen garapen ez bateratua dela eta (intelektuala, emozionala, soziala…), bere ikaskideekin alderatuta, hauen gainetik egon daiteke hainbat gaitasunetan eta azpitik edo heldutasun gutxiagorekin beste batzuetan.
Okerrak eta akatsak egiteko eskubidea du eta bere beldurrak errespetatzea ezinbestekoa da. Bere joera jarduerak bikain egitekoa izan daiteke. Joera hau errespetatu eta zentzu baikorrean tratatu baina okerrak daudenean normaltasunez hartu.
Bere lanean autonomia eman. Lan indibiduala egiteko aukerak eskaini. Bere ikaskuntza estiloa eta erritmoa desberdinak dira.
Denboraren erabileran (lanak, azterketak egiteko) malgutasunez jokatu. Hainbat eginkizun burutzeko besteek baino denbora gehiago behar du eta gutxiago beste hainbatetan. Berarekin negoziatu eta konpromezuak hartu lanak egiteko epealdietan.
Bere irudimena eta sormena erraztu eta ahalbidetu. Bere adinerako ohikoak ez diren gaiekiko interes handia izan dezake.
Lanak errepikatzea ekidin (bai ikasgelako eginkizunetan eta baita etxerako lanetan ere). Dakiena ez du behin eta berriro egiteko beharrik. Eginkizun desberdinak eta konplexuagoak proposatu eta ahal den neurrian eguneroko bizitzarekin eta errealitatearekin lotu. Benetako arazoak diziplinartekotasuna eta ikuspegi kritikoarekin landu (gaixotasunak, sare sozialak, gosea munduan, injustiziak…).
Bere interesetatik abiatu eta hauek curriculumarekin erkatu. Motibazioa ezinbestekoa da bere garapen osasuntsurako. Ezagutza eta ikaskuntzarako duen egarria berezkoak dira. Ez ahaztu motibazioa garapenaren motorra dela, beraz, ezagutzarako duen gosea asetu.
Zentzu kritikoa eta etikoa oso garrantzitsua da. Gauzen, gertakizunen, eduki curricularren zergatiez, zertako, ondorioez, justiziaz, berdintasunaz… hausnararazi.
Arauen eta mugen zentzuaz edo zergatiaz hitz egin (sarri arau batzuen aurrean oso kritikoa izan daiteke). Hauek egotearen beharraz zein aldatzeko aukerez berarekin hitz egin, bera entzun eta bere proposamenak jaso.
Emandako hitza beti bete.
Bera baino nagusiagoak direnekin egoteko eta lan egiteko aukerak eskaini. Berak dituen zaletasunak, interesak edo gaitasunak bere parekoekin (ez adin bera dutenekin halabeharrez) tartekatzea, bere garapen eta identitate prozesurako, guztiz lagungarriak dira.
Bere emozio eta sentipenen adierazpenak landu.
Duen umore-sena desberdina izan daiteke, ironikoa, zentzu bikoitzekoa… eta ez da beti ulertua izaten. Ezaugarri hau, adimen gaitasun handia dutenen artean, ohikoa izaten da.
Bere sentiberatasun handia onartu gutxietsi gabe.
Egilea: Izaskun Etxebarria Aizpuru. Pedagogian Lizentziatua. Psikologian Lizentziatua. Pedagogian Doktorea. UPV/ EHUko Irakaslea. Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saila