Zer jakin edo ezagutu beharko lukete adimen gaitasun handikoek eta hauen senitartekoek?

By | 2020-12-29

Adimen gaitasun handiak dituen seme edo alaba duzula jakin duzunean ziur aski hau pentsatu duzu: Zerbait esan behar diot? Zer esango diot? Komeni ote zaio AGHk dituela jakitea?

Gure ustez ezinbestekoa da nolakoak garen jakitea/ezagutzea horrek dituen abantaila eta eragozpenekin.  Gure izana, gure ezaugarriak zein premiak zeintzuk diren ezagutzea ezinbestekoa da garapen osasuntsua burutzeko.

Uste dugu ondoren aipatzen diren egileen ekarpenak lagungarri izan daitezkeela erantzun egokiak bideratzeko.

Deb Douglas (2016), 20 urte luzez adimen gaitasun handien inguruan lanean dabilen irakasle emakumea da. Bere lana programa berezietan, aholkulari zereginetan eta ikerkuntzan burutu du. Hainbat  liburu eta artikulu idatzi ditu, besteak beste, The Roeper Review, Parenting for High Potential edo Gifted Children aldizkarietan. Egileak Adimen gaitasun handiko familiengan maiz sortzen diren zalantza edo galdera batzuk plazaratu ditu, esaterako: 

  • Zer esan behar behar diot nire seme edo alabari?
  • Komeni zaio adimen gaitasun handiak dituela jakitea?
  • Ez ote da elitista edo/ta berekoi bihurtuko?

Galdera hauek gure inguruan ere, familia eta irakasleen artean, sarri egoten dira kezka eta ardura bihurtzen dira.

Aditu honek, 1985. urtetik gaur arte, egoera askorik ez dela aldatu dio eta 2016an 300 nerabekin buruturiko inkestan ondorio hauek jaso zituen:

  • Gurasoen % 25ek soilik hitz egin zuten euren  seme-alabekin  adimen gaitasun handiari buruz
  • Nerabeen % 33k inork ez ziela gaiaz hitz egin esan zuten
  • Nerabeen % 43k ez zekien ezer ikastetxeetan egon zitezkeen programa bereziei buruz
  • Nerabeen % 55ek inork ez ziela  haien hezkuntzaz arduratzera animatu adierazi zuten

Ardura honi erantzuteko Douglasek aditu desberdinen ekarpenak bildu eta Adimen gaitasun handiko haur, gazte eta horien familiek ezagutu beharko lituzketen 30 ideia azaldu ditu.

Douglasen ustetan, laburbilduz, hauek dira ezagutu beharrekoak:

  • Adimen gaitasun handiak izateak pertsonaren izanari dagokio, ez egiten duenari, beraz, eskolan ondo ibiltzeaz, etorkizunean izango zarenaz edo gizarteari egin diezaiokezun ekarpenez baino haratago doa izate hori.
  • Hainbat eginkizunetan adinkideak baino hobeak izan arren, horrek ez du esan nahi besteak baino gehiago zarenik.
  • Adimen gaitasun handiak izateko era desberdinak daude, ez bakarra.
  • Adimen gaitasun handikoek, klasekideekin alderatuta, hezkuntza beharrizan desberdinak dituzte.
  • Adimen gaitasun handiak izatea ona da. Pertsona hauen bizitza ez da beti erraza izango halabeharrez, baina pertsona bakar eta zoragarria egiten zaituzten alderdiak dira.

Beste aditu batzuek ere, George Betts, Lawson Davis, Jim Delisle, Jean Peterson eta Karen B. Rogers-ek, ildo beretik, proposamen batzuk azaldu dituzte, beti ere, irakasle eta familia moduan haur, gazte eta helduak laguntzearren.

  • Adimen gaitasun handia egunero duzun zerbait da, urte osoan zehar, eta ez eskola orduetan soilik.
  • Ahal duzun guztia egin behar duzu ingurune aberats eta positiboan bizitzeko.
  • Ahalegindu zaitez lagundu, sustatu eta eragingo zaituzten lagunak bilatzen.
  • Zure pasioa bilatu eta horretan segi.
  • Aberasgarria den ingurune batek, benetako lagunak dituenak eta zure pasioa aurrera eramaten lagunduko zaituenak, autokontzeptu baikor eta benetako autoestimua lortzen lagunduko zaitu.
  • Zure ametsetan indarra jarri, ez munduak zutaz izan dezakeen pertzepzio ezkorretan.
  • Zu pertsona bakarra zarela ulertzeko gai direnekin elkar zaitez.
  • Zure ingurukoen zalantzen aurrean zureari jarrai. Besteen ezkortasuna zure etorkizuna eraikitzeko erabili dezakezu.
  • Ziurtasunez aritu eta arriskuari konfidantzaz aurre egin. Maiz, zu, besteekin alderatuta, bakarra edo desberdina izan arren ikasteko etas hazteko aukera gisa hartu.
  • Gaitasun handia izatea erronka da, aurrera egin.
  • Adimen gaitasun handikoek, besteek, dituzten trebetasunen batuketa baino gehiago direla jakin dezatela nahi dute.
  • Zuri ez dagokizuna ez duzu ordaindu behar. Zuk dituzun emozio intentsoak landu beharreko zerbait dira, ez ordea ezintasun gisa jaso edo desegin behar.
  • Utzi haien pasioak esploratzen.
  • Irakatsi iezaiezu haien kabuz defendatzen, argudiatzen…
  • Adimen gaitasun handia betirako izango duzu, heldua izango zarenean ere bai. Pozez eta alaitasunez hartu.
  • Laguntza eskatzen ikasteak on eginen dizu.
  • Zure bizitza emozionalaz eta sozialaz hitz egiteak etorkizuneko bizitzan, lanean, familian bikotearekin, parekoekin…lagunduko dizu.
  • Izango dituzun gatazken bidez erreisilentzia eta zurekiko konfidantza irabaziko duzu.
  • Eskola garaian lorpen maila izateak ez du alabeharrez unibertsitate eta heldu aroko arrakasta ziurtatzen.
  • Zeure emozioak ezagutzeak mesede egin diezazuke.
  • Prozesuan (bidea egiten) disfrutatu,  produktua (lorpena) bezain garrantzitsua izan dakizuke-eta.
  • Zu zeu ezagutu.
  • Zure erakundeak ezagutu.
  • Zure ingurunea ezagutu.
  • Zure hezkuntza bidea ezagutu.

Azkenik esan, Douglasen iritziz, eta gu ere bat gatoz, gure lana haur hauek enpoderatzen laguntzea izan beharko luke, haien ametsak lortzen lagunduz, gaitasun indibidualak garatuz, dituzten eskubide eta eginbeharrak ulertuz, lagundu diezaieketen pertsonekin elkartuz eta bizitza zoragarria eta aukerak esploratuz.

Iturria: Douglas, D. 30 things parents and gifted kids need to know. National Association for Gifted Children | Summer 2016et

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *