ICM eredua – J. VanTassel-Baska

By | 2019-07-01

Orri hauetan esku hartze eredu batzuei buruzko informazioa helarazten saiatuko gara. Oraingoan J. VanTassel-Baskaren proposamenari helduko diogu azaletik bada ere. Proposamen hau arlo akademikoari lotua dago, beraz, ezinbestez arlo sozio-emozionalarekin zein arlo etikoarekin osatu beharko litzateke, gure ustez. Eredu hau, bereziki, aukeratu dugu gure inguruko eskoletan gaur egun aplikagarria eta egingarria izan daitekeelako. Beste eredu k aplikatzeko beste mota bateko erabakiak eskatzen dituzte. Erabaki horiek, sarritan, ez dira irakasleen esku egoten, eta horrek, azkenean, praktikan eta egunerokoan neurririk ez hartzea dakar. VanTassel-Baskaren proposamena aurrera eramateko ez da nahitaezko baldintza ikastetxe osoak horrelako neurriak gelaratzeko erabakia hartzea edota irakasle gehienek ados egotea. Noski, horretarako baldintzak baldin badaude askoz hobeki. 2015eko uztailean Dr. Joyce VanTassel-Baska zuzenean entzuteko aukera izan genuen Errioxako Unibertsitateak antolatutako udako ikastaroetan, eta bere lan egiteko eta esku hartzeko proposamena interesgarria bezain egingarria iruditu zitzaigun. Bere planteamenduaren inplementaziorako gako batzuk laburbiltzen saiatuko gara oraingoan,  hurrengo batean ICM ereduaren xehetasun gehiago emanen baditugu ere.

Zeintzuk dira gako horiek?

Eskolan esku hartzea proposatzen denean, adimen gaitasun handiko ikasleen bi ezaugarri bederen kontuan hartzea dio VanTassel-Baskak: ikasle hauen goiztiartasuna eta konplexutasunarekin duten lotura. Jakin badakigu guztiak ez direla berdinak eta ez dela talde homogeneo bat, (ikusi ezaugarrien zerrenda). Ezaugarri horiek askotan ematen direlako justifikatua egonen litzateke adimen gaitasun handiko ikasleekin, eztabaidak eztabaida, eskolan neurriak hartu beharra.

Curriculuma bereiztea ez da banan banakako curriculuma egitea. Beste autore batzuek aipatzen dutenaren ildo beretik. Adimen gaitasun handiko ikasleentzat curriculuma bereiztea erabakitzen denean, bereizte hori eraginkorra, malgua eta ikasgai desberdinei egokitzeko modukoa izan behar du, hau da, modu esanguratsuan berezia. Noiz esanen dugu eraginkorra dela, alegia, nola ulertu behar dugu eraginkortasuna? Esate baterako, ikasle bati egiten zaion bereizketa erronka izanen da bere ikaste prozesuan aurrerapen esanguratsua dakarrenean. Bestalde, ez dago formula bakarra eta ez dago zertan irakasgai berdinarekin hasi beharra, hori ikasle bakoitzaren arabera erabaki daiteke baita prest dauden irakasleen arabera,hori bai baldintza batekin: indarra eta heldulekua ikaslearen indarguneetan jartzea.

Garapenaren faseak eta aldiak kontuan hartuta nahiko onartua dago Bigarren hezkuntzaren hasieran has daitekeela ikaslea talentu bat garatzen.

ICM ereduak hiru dimentsio adierazten ditu esku hartze moduak zehazteko.Hementxe jasotzen ditugu horien inguruko ohar batzuk. ICM eredua

  1. Eduki aurreratuak. Horretarako curriculumeko edukien aukeraketa bat egin behar da eduki aurreratu horiek zeintzuk diren zehazteko. Adibidez, zergatik aztertu behar dugu euskal poesia? Zer harreman du bizitzarekin, beste ikasgai batzuekin, historiaren barruan gerrarekin?
  2.  Prozesua eta produktua. Batetik, goi-mailako gaitasunak garatzearekin du zerikusia, esaterako: analisia, sintesia eta ebaluazioa. Bestetik, ikasleak arazoen bilaketan eta konponbidean interesa jar dezaten, baita ekoizpenak/tresnak/aparailuak sor ditzaten ere. Trebetasun horiek pentsamendu kritikoan eta arazoen sormenezko-konponbideen arloetan garatuko dituzte.
  3. Kontzeptuak, arazoak eta gaiak. Abstrakzio maila handiagoko kontzeptuak eta gaiak lantzea; arazo errealak zeinak konplexutasun maila altuagoa eskaintzen duten adimen gaitasun handiko ikasleek bultzatzeko modu sortzaileagoan eta berrietan pentsa dezaten; kontzeptuak eskaintzea ikasle hauek ikaste prozesuaren konektibitatea uler dezaten. Arlo bateko kontzeptu, arazo eta gai giltzarriak lantzea. Esate baterako: ALDAKETAren kontzeptua.

ICM ereduan trinkotu egin behar da, eta horretarako arlo bakoitzean urrats hauek jarraitzea proposatzen da: arlo horretan zer den garrantzitsuena zehaztea; zer dakite ikasleek; zer ez dakite ikasleek. Hau da, erraztu, sinplifikatu egin behar da. Zergatik erantzun behar dira galdera horiek? Zergatik sinplifikatu behar da? Dena egiteko denbora ez dagoelako, beraz, hautaketa egin behar da. Esate baterako, gramatikaren erabilerak aztertzen ari baldin bagara, zer den garrantzitsuena jakiteko gordeko dugu denbora. Adibidez arlo bateko 5 gaitasun zailenak zehaztu ditzakegu eta zenbait ikaslerekin arloa trinkotu.

Ikuspegi honen onurak: erronka eskaintzen du, denbora irabazteko edo aurrezteko aukera ikaslearen intereseko gauzak egiteko, curriculuma pertsonalizatzeko aukera ematen du eta inguruan dauden ikasle gehiago ere sar daitezke planteamenduan, eta talde ((kluster) bat sor dezakegu bi edo hiru ikaslerekin.

Irakasleendako jarraibideak

1. urratsa. Erabakiak hartu. Irakasleak erabaki behar du nondik hasiko den, zein ikasgairekin. Esate baterako, Lehen Hezkuntzan matematika edo hizkuntzarekin. Erabakia hartzeko honako irizpideak kontuan har daitezke: irakaslearendako zer den errazena hasteko, ikaslearen indargunea zein den kontuan hartzea eta horrekin esperientzia bat zehaztea.

2. urratsa. Curriculuma berrantolatu. Ikasgaiaren %85a, esaterako, menderatzen duten ikasle horiek aparteko maila batean egon daitezkeelako arlo batean, ikasle horiek zenbait gai ez dituzte ikusiko, honezkero, badakizkitelako.

3. urratsa. Adimen gaitasun handiko ikasleak taldetan elkartu. Dauden aukeren arabera honakoak egitea proposatzen du: gaitasun eta trebetasunen araberako adin desberdinetako taldeak egitea, maila bereko taldekatze malgua egitea… Zein ikasle egonen diren egoera horretan erabakitzeko ebaluazioa egin beharko da, modu askotara egin daiteke, modu informalean, baina beti ere hori izanen da abiapuntua zein ikasle egonen den hor erabakitzeko. Ebaluazioa da ebidentzia, beraz, hori kontuan hartu beharko da, horregatik egiten da pre-testa eta post-testa.

4. urratsa. Ikasle hauekin zer eginen dugun erabaki. Aukera desberdinak egon daitezke, hona hemen batzuk: hasteko, eman dezagun, 6 hilabeteko azelerazioa edo azkartzea matematiketan eta ondoren, esaterako, aberastea, aurrera egin beste bide batetik aipatu diren dimentsioak kontuan hartuta. Komeni da kontuan izatea erabakiak beti ere ikasle bakoitzaren interesen arabera hartu behar direla.

5. urratsa. Ikaslearekin hartu diren neurriei buruzko informazioa eta ikasleak egin duenari buruzkoa. Normalean informazioa falta da eta horregatik komeni da erregistro bat izatea gainerako mailetako irakasleekin partekatzeko, gurasoekin partekatzeko, curriculumeko zein atal menderatzen dituen jakiteko, aurreikuspen bat egiteko. Erregistro hau indibiduala izan behar du

6. urratsa. Komeni da gutxinaka hastea eta ahal bada 2 edo 3 irakasle elkarrekin hastea, adibidez, LHko 1.,2. eta 3. mailak eta horrela goitik-behera edo alderantziz planifikatu daiteke.

Ereduaren emaitzak.
Ereduak ongi funtzionatzen duela ikusi da, atzean ikerketa ugari dago eta arrisku bakarra da prest ez dauden ikasleak horretara bultzatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *